« 13/14 AURREMATRIKULAINSTALAZIOAK »

25 urteko historia: 1987-2012

12/05/10

25 urteko historia: 1987-2012

1987. urtean ireki zen Sanduzelai ikastetxe publikoa, San Jorge II izenpean eta Iruñerrian D eredua eskaintzen lehenengoak izan ginen.

2011-2012 ikasturtean Sanduzelai ikastetxeak bere 25. urteurrena ospatu zuen.

Esan bezala, 1987ko irailaren 1ean gure eskolak lehen aldiz bere ateak zabaldu zituen eta San Jorge II izena eman zion Administrazioak.

Garai horietan, Herri Ikastola itxi zuten eta bertako hainbat ikasle eta irakasle hona ekarri zituzten; multzo honekin D ereduko lerroa osatu zelarik. Ikasle/irakasle huekin batera San Jorge eskolan soberan zeuden ikasleak etorri ziren. Modu horretan bi ereduak sortu ziren: euskarazko D eredua eta gaztelania hutsezko G eredua, maila guztietako ikasleak zirelarik.

Iruñeko beste hainbat auzotan, adibidez, Alde Zaharra, Arrotxapea, Donibanen... D eredurik ez zutenez, Nafarroako hezkuntza Departamentuak garraioa ezarri eta eskola honetan matrikulatzea eskaini zien euskaraz ikasi nahi zuten haurren gurasoei.

1987/88 ikasturtean Zendeako lehendabiziko ikasleak D ereduan matrikulatu ziren, Orkoiengo eskola komarkalean euskaraz ikasteko aukerarik ez zutelako. Alegia, urte hartan, 22 ikasle matrikulatu ziren. Ikasle hauek eta Iruñeko auzoetakoek zazpi autobus betetzea lortu zuten garai batean, eta gure ikastetxea eskola komarkal baten moduan hasi zen, eta horrelako zerbitzuak eskaintzen ditu gaur egun ere: garraioa, jantokia...

Lehendabiziko ikasturtean 400 ikasle inguru zeuden G ereduan, eta D ereduan berriz 125 inguru. Handik urte gutxira, herritarrak garbi hasi ziren identifikatzen gure eskola D ereduarekin eta G ereduko matrikulazioa jaisten zihoan bitartean, euskarazko ereduan bina lerro lortu ziren.

Bost ikasturte beranduago, eredu bakoitzak 200 ikasle inguru zituen eta 1999ko irailaren 1ean D ereduko ikastetxe bihurtu zen. Hiru urte lehenago, 95/96 ikasturtean, Eskola Kontseiluak izen aldaketa eskatu zuen, eskola ezarrita dagoen parajearen toponimoa, "Sanduzelai", ezartzea eskatuz. Geroztik hori da gure eskolaren izen ofiziala (haurrek eta batez ere gurasoek "ikastola" deitzen badiote ere).

Orduan 350 ikasle inguru ziren eta gaur egun 450 ikasle ditugu. Kopururik altuena 07/08 ikasturtean izan genuen, 487 ikaslerekin. Ikasturte hartan Orkoiengo eskolan D eredua ezarri zuten eta iaz gure auzoan Buztintxuri eskola zabaldu zuten.

Hau dena kontuan hartuz, honako hau esan dezakegu: gure identitate zeinua den euskarazko irakaskuntzan aitzindari izan ginela inguruko zonalde handi batean; baina denboraren poderioz eta herritarren ahaleginari esker, D ereduaren eskaintza herrietan eta Iruñeko auzoetan asko zabaltzea lortu dela. Beraz, ikastetxearen etorkizuna gure auzoan dago, eta bere momentuan zeuden 7 autobusetatik 4 izatera pasatu gara, denborarekin kopurua murriztuko dela aurreikusiz.

Mezurik ez, oraindik